Txostenaren aurkezpena
1. Metodologia
1.1. Norberaren autonomiari eta mendetasunari buruz Estatu, autonomia eta foru esparruetan indarrean dagoen lege gorputzaren eta zenbait agiri espezializaturen azterketa
4.1.5. Zaintzaileak
Adinekoak bere ohiko ingurunean ahalik eta denbora gehiena egotea egokiena dela argi eta garbi dago, eta denak horretan ados daude. Gaur egun, hori guztia zaintzaileek egiten duten lan goraipagarriari esker lortzen da.
Mendeko pertsonaren familiakoak diren zaintzaileen %80 baino gehiago emakumeak dira, eta beren batez besteko adina 52 urtekoa da gutxi gorabehera (%20ak baino gehiagok 60 urte baino gehiago ditu).
Azterketa askok adierazten dute zaintzaileen emozio-egoerak kalte handiak jasaten dituela, antsietate- eta depresio-maila kezkagarriak dituztela. Gainera, jasaten duten gehiegizko zamak eragina du beren osasun-egoera fisikoaren narriaduran eta bizi-estiloa aldatzeak gizarte-bakartze handiagoa izatera bultza ditzake.
Bestetik, duela gutxiko azterketa batek[71] adierazi du EAEn adinekoen zaintzaileen lanak euskal administrazio publikoei 1.014 eta 2.415 milioi euroren[72] artean aurrezten laguntzen dietela –arreta-ordua baloratzeko hartzen den irizpidearen arabera–.
Arabako Mendeko Adinekoen Familia Zaintzaileen Elkarteak "Ascudean" AMALen ezartzeari buruz zer iritzi duten jakinarazi digute. Hemen laburbilduko dugu:
– Araudi horren ezartzeak ez du eraginik izan mendekoen eta beren senideen bizitza-kalitatearen hobekuntzan.
– Legea aplikatzeari esker, talde ugari baten errealitatea azaleratu da, legeak jasotzen dituen prestazioak eta zerbitzuak behar dituenena.
– Ohartzen dira prestazio ekonomikoek, nahiz eta salbuespenezkoak izatea nahi den, zerbitzuak ordezkatzeko arriskua dagoela, hain zuzen ere zerbitzurik ez dagoelako. Itxaro-zerrendak daude eguneko zentroetan, harrera-zentroetan eta etxeko laguntza-zerbitzuetan.
– Haien ustez, egokiagoa izango litzateke berariazko balorazio-baremoak ezartzea adin-tarteentzat eta urritasun motentzat.
– Ez zaie egokia iruditzen baremoak "iraunkorrak ez diren" gaixotasun larriak, hala nola onkologikoak, dituzten pertsonak kanpo uztea.
– EAE osorako baterako eredu bat eskatzen dute zerbitzuei eta zerbitzuen eskuratzeari dagokienez.
– Lege hori aplikatzeko behar adina finantza-baliabide ez dagoela uste dute.
– Zerbitzuen esleipena nabarmen atzeratzen ari dela sumatzen dute, legea indarrean jarri aurreko egoerarekin lotuta.
– Beste zerbitzu batzuk eskuratzearen ondorioz familia-ingurunean zainketak emateko prestazio ekonomikoetan izandako murrizketak direla eta, familia askok uko egiten diete zerbitzu horiei.
– Hirugarren sektoreak atzera egin duela, eta irabazi-asmoa duten enpresek protagonismo handiagoa lortu dutela hautematen dute.
– Mendeko gisa balioetsi ondoren hil diren pertsonen kasuak izan dira, haien familiei prestaziorik ordaindu ez zaienekoa, legez aurreikusitako atzeraeragina izan arren.
– BAPek dauden baliabidetara bideratuta daude, ez benetako beharrera.
– Gizarte zerbitzuei buruzko legea onartu eta gero antzematen den egoera berriaren arabera, kasu batzuetan, foru-erantzukizuneko zerbitzuek (prestazio ekonomikoak, eguneko zentroak…) mendekotasun-egoeran dauden pertsona batzuk artatuko dituzte, eta udal-erantzukizuneko zerbitzuek (zaintzaileak laguntzeko zerbitzua), berriz zaintzaileak artatuko dituzte. Neurri horrek erakundeen arteko koordinazio ahula kaltetzearen beldur dira.
– Autonomia-erkidegoan datu-sistema zentral bat, esku hartzeko eredu komun bat eta zerbitzuen katalogo bakar bat prestatzea premiazkotzat jotzen dute.
– FIZPEren zenbatekoak ez luke lanbide arteko gutxieneko soldata baino baxuagoa izan behar.
– Autonomiarako eta Menpekotasunari Arreta emateko Sistema (AMAS) gizarte segurantzako sisteman sartu beharko litzatekeela uste dute, berme handiagoak emateko.
– Zehazki, Araban, mendekotasun-egoeran dagoen pertsona gisa aintzatestea ez da hobekuntza izaten ari ordura arte Udalak autonomo gisa artatzen zuen pertsonarentzat (ELZ ordu gehiago zituen, ebazpenak azkarrago ematen ziren, etab.).
– Araban ELZrekin arazo asko erregistratzen ari direla diote: "itxaro-zerrenda luzea dago eta familiek ez dakite noiz izango diren zerbitzu horren onuradunak; familiak gure elkartera etortzen dira 2008ra arte genuen larrialdiko zerbitzuaren bila. Urte horretan, aldundiak diru-laguntzak kendu zizkigun eskumen publikoko zerbitzu bat zela uste baitzuten".
– Araban FIZPEri eta ZLPri buruzko ebazpenetan gehiegizko atzerapena dagoela antzematen dute.
– Eskaera datatik prestazio ekonomikoen atzeraeragina kentzea oso kaltegarria izaten ari dela azpimarratu nahi dute.
– Eusko Jaurlaritzak araudian egindako aldaketa ongi dagoela uste dute, mendekotasun-egoeran dauden pertsonen gizon eta emakume zaintzaileei zuzendutako laguntza ekonomikoa, lan eta familia bizitza bateratzekoa, berdintzeko (lehen handiagoa zen gizonentzat) egin zena, hain zuzen.
[71] Gaztela-Mantxako eta Murtziako unibertsitateek eta Urrutirako Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalak (UHUN) Zerga Ikasketen Institutuarentzat egindako azterketa.
[72] Iturria: Oliva, Vilaplana eta Osuna (2011), EDAD 2008ko datuak eta Espainiako Nazio eta Eskualdeko Kontularitzari buruzko informazioa (EIN) oinarri hartuta